Elkarrizketa Berria egunkarian

Gaur Berria egunkarian argitaratu dute elkarteari egindako elkarrizketatxo hau:

http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-03-10/046/001/autokarabanen_kultura_handitzen.htm

 

«Leku batetik bestera joateko aukera onena dira»

Ilargi Agirre Donostia

Askatasuna da autokarabanan bidaiatzea ongien definitzen duen hitza, Jabi Saizen arabera. Sorbeltz autokabarabana erabiltzaileen euskal elkarteko idazkaria da. Bidaiatzeko moduak lotuta, duela bost urte sortu zen elkartea, eta, geroztik, makina bat irteera egin dituzte bazkideek elkarrekin. Aisialdiaz haratago, euren eskubideen alde lan egiten dute.

Autokarabanaren erabilera araututa al dago?

Bai. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan turismo legearen bitartez arautzen da. Hemen bakarrik gertatzen da hori; Espainian ez baitago araututa. Autokarabana aparkatuta noiz dagoen eta kanpatuta noiz dagoen bereizten da modu horretan.

Zein da aldea?

Ibilgailua lau gurpilen gainean dagoenean, bere perimetroa gainditzen ez duenean, aparkatuta dago. Edozein parkinetan gera zaitezke horrelakoetan, bai gaua pasatzera bai barruan jatera. Perimetroa pasatzen badu, ordea, mahaia edo aulkiak kanpora aterata, adibidez, kanpatuta dago. Orduan kanpinetan sartu beharra dago, modu librean kanpatzea debekatuta baitago.

Elkartekook zein eskaera egiten dituzue?

Atseden hartzera geratzeko eta lo egiteko autokarabanentzako parkin bereziak eskatzen ditugu. Gainera, autokarabanak dituen biltokiko ura hustu eta bete ahal izateko gune ekologikoak nahi ditugu. Harraskako, dutxako eta komuneko urak ur zikinen biltokira joaten dira, eta ur hori ezin da edozein estoldatan bota. Leku konkretu batzuetan eta modu kontrolatuan egin behar da. Ur biltokia hustea eta betetzea oinarrizkoa da autokarabanan; gainontzean, ibilgailu autonomoa da, argindarra, dutxa, sukaldea eta berogailua baititu. Jadanik badaude gune ekologiko batzuk, baina Euskal Herrian sare bat osatzea gustatuko litzaiguke. Udalekin hitz egiten ari gara; eta pixkanaka lortuko dugula iruditzen zait.

Non daude gune ekologiko horiek?

Parkin bereziak nahiz gune ekologikoak Gasteizen, Bilbon eta Donostian daude jarrita. Baita herri batzuetan ere: Bermeon, Lekeition, Zumaian, Errenterian eta Legazpin, adibidez. Hamar gune inguru daude.

Azken urteetan bilakaerarik izan al da?

Azken bospasei urteetan izugarrizko gorakada izan da. Nolabaiteko boom bat egon da. Orain dela sei zazpi urte, oso autokarabana gutxi zeuden Euskal Herrian. Lehen, erretiratuak izaten ziren gehienbat, eta orain jende gazte askok erosi du autokarabana haurrekin bidaiatzeko. Fenomenoaren isla dira gure elkarteko datuak. Orain dela bost urte sortu zen Sorbeltz, eta, gaur egun, ia 400 bazkide gara. Azken bi urteetan bikoiztu egin da kopurua.

Inguruko herrialdeetan egoera nolakoa da?

Frantzian, adibidez, autokarabanan bidaiatzeko ohitura handia dago. 5.000 parkin berezi daude han. Herri txiki askok jartzen dituzte gune horiek turismoa erakartzeko. Euskal Herritik ere tradizio handia dugu Landetara joateko. Oso gertu dago, eta ongi hornituta dago. Espainian ez dago hain zabalduta.

Zein dira autokarabanan bidaiatzearen abantailak?

Askatasun izugarria ematen du autokarabanak. Edozein momentutan irten zaitezke, aurretik lo egiteko lekurik hartu gabe, eta bakoitzak nahi duen gisara antolatzen du bidaia. Leku batean gustura bazaude, hantxe geratzen zara denbora gehiago. Ez da eguraldiaren menpe egon behar, gainera. Iparraldean eguraldi txarra dagoela? Bada, hegoaldera zoaz. Leku batetik bestera bidaiatzeko aukerarik onena da autokarabana. Gure artean harreman berezia sortzen da, eta elkarri laguntzen diogu.

Nortzuk osatzen duzue elkartea?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jendea gara gehienak, baina Iparraldeko eta Nafarroako bazkideak ere baditugu. Euskal Herritik kanpo, Huescako, Asturiasko eta Galiziakoren bat ere badago.

Zein ekintza egiten dituzue Sorbeltzen?

Bazkideen artean hilabetean behin txangoak egiten ditugu Euskal Herrian. Asteburua pasatzera joaten gara; irteera kultural edo gastronomikoak egiten ditugu lekuaren arabera. Berrogei autokarabana inguru biltzen gara batez beste.

Autor entrada: aiako

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.