Berriozar Berrian

Lasai egoteko, lo egiteko…

Aste Santuko oporrak bukatzear, autokarabana bat baino gehiago ikus daiteke Berriozarko autokarabanen aparkalekuan. Gehienek gau bakarra igarotzen dute.

Zerua estalita dago, eta tarteka euria ari du Berriozarren (Nafarroa). Bi autokarabana besterik ez daude aparkatuta Berriozarko Plazaola kalean dagoen autokarabanen aparkalekuan. Aste Santuko oporrak bukatzear, autokarabanen joan-etorria izan da nagusi egunotan aparkalekuan.

Autokarabanak uzteko Iruñerriko eremu bakarra da Berriozarkoa, eta 30 ibilgailu aparkatzeko tokia dago. Aste Santuan aparkalekua erabili duten autokarabanazaleek ez dute toki arazorik izan. Egunero, batez beste, hiru edo lau karabanak baino ez dute pasatu gaua aparkalekuan. Horien artean daude Eneko Garitagoitia eta Ainize Arritxaga bikotea, eta haien bost urteko semea eta urte bakar bateko alaba. Gaua aparkalekuan pasatu ondoren, alabaren gurdia hartu, eta herria ezagutzera abiatzear dira. Lekeition (Bizkaia) bizi dira, eta Zaragozatik (Espainia) oporretan bueltan, atseden hartzen gelditu dira herrian. «Atzo arratsaldean iritsi ginen, eta gaur [atzo] arratsaldean Gasteizko autokarabanen aparkalekura joango gara, han gaua pasatzeko», dio Garitagoitiak. Duela lau urte erosi zuten autokarabana. Harrezkero, ibilgailu horretan mugitzen dira oporretan. «Gustura ibili gara egunotan; ateri egin digu, behintzat». Ibilgailu ederra du Garitagoitia-Arritxaga familiak. Zazpi metro eta erdi da luzean. Hiru ohe handi —bi atzealdean eta bestea aurrealdean—, bainugela dutxarekin, sukaldea, egongela eta trasteak uzteko biltegiarekin.

Autokarabanentzat egokituta dauden beste aparkalekuak bezala, Berriozarkoak ere badu autokarabanek sortutako ur zikinak eta komuneko gorozki urak botatzeko lekua, baita edateko ur hartunea ere. Erabiltzaile bakoitzak, 1.000 litro har ditzake. «Ur zikinak bota ditugu, eta garbia hartu dugu. Dutxatu, harrikoa egin, sukaldean aritu, denetarik egiteko aukera ematen dizu».

Lasaitasuna

Ondoan aparkatuta dagoen autokarabanan, oraindik esnatzen ari dira. Garbiñe Arakama zegamarra da jaikita dagoen bakarra. Haren bi haurrak esnatuta daude, baina ohean oraindik. Arnedillon (Errioxa, Espainia) ibili dira oporretan, eta etxeratu aurretik gaua Berriozarren pasatu dute. «Zegamara (Gipuzkoa) zuzenean joateko nekatuegia nengoen, eta atseden hartzea erabaki nuen», azaldu du Arakamak. Zazpi lagunentzako autokarabana du, eta gustuko du modu horretan bidaiatzea. «Beste batzuekin elkartzen zara, lasai lo egiteko eta egoteko modua da. Oporrak dira, eta lasaitasuna eskertzen da. Horrela mugitzeak askatasuna ematen du. Hara eta hona nahi bezala ibiltzeko aukera dugu».

Aparkalekua Berrikilan enpresa publikoak kudeatzen du. Ura hartzeko fitxak emateko ardura du. Bi euro balio du bakoitzak, eta egunotan gutxi saldu dituztela dio Oskar Lasaosa Berrikilaneko kudeatzaileak. «Aste Santua motela izan da, zortzi fitxa bakarrik saldu ditugu». Dena dela, ibilgailu gehiago ibili direla azaldu du, batzuk ez dutelako urik hartzen. Autokarabanetarako eremua Berriozarko Udalak sustatutako proiektua da. Joan den irailean zabaldu zuten. Oraingoz, erabiltzaile asko izan ez arren, baikor da Raul Maiza Hirigintza zinegotzia. «Egunero hiru-lau autokarabana egon dira Aste Santuan. Udaberrian eta udan gehiago etorriko diren itxaropena dugu. Sare sozialetan ere orain ari da ezagutarazten eta zabaltzen».

Iturria: http://paperekoa.berria.info/plaza/2013-04-06/040/001/lasai_egoteko_lo_egiteko.htm

Autor entrada: aiako

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.