ERABILTZAILEENTZAT EZ EZIK, UDALENTZAT ERE GUNE “ERAKARGARRIAK” DIRA

Gipuzkoako Hitzan gaur argitaratu duten albistea:

ERABILTZAILEENTZAT EZ EZIK, UDALENTZAT ERE GUNE “ERAKARGARRIAK” DIRA

Bai Gipuzkoan eta baita Euskal Herrian ere, Hondarribia da autokarabana gehien biltzen duen lekuetako bat. Udaberrian, “asteburu on xamar batean”, 100-150 erraz bil daitezkeela dio Jabi Saizek, Sorbeltz Autokarabana Erabiltzaileen Euskal Elkarteko kideak. “Erakargarritasun turistiko asko ditu, leku asko dago eta gauzak egiteko aukera ugari”. Orokorrean Gipuzkoan gero eta zerbitzu hobeak daudela uste du Saizek, eta gero eta herri gehiagotan ari dira zerbitzuguneak jartzen. Legazpikoa da gunerik zaharrena; bederatzi bat urte ditu.

Erabiltzaileek ez dute “gauza handirik” behar: aparkatzeko toki bat, lasaia eta nahiko laua. Herri askotan hainbat zerbitzu ere ematen dituzte; besteak beste, ura eta estolda bat, azken hori ur zikinak botatzeko. Herri bakoitzeko udalaren arabera funtzionatzen dute guneek: “Batzuetan, aparkatzeko tokia doakoa da, eta ura kobratzen dute; besteetan, aparkalekua kobratzen dute, eta ura barne dago…”. Donostiakoa, adibidez, “oso merkea” dela uste du Saizek, Donostia dela kontuan hartuta: “Neguan, hiru euro pasa balio du 24 orduz aparkatzeak, eta zerbitzuak dohainik dira; udan, berriz, sei euro pasa”. Hirian bi gune dauden arren, batez ere Berion aparkatzen dute erabiltzaileek, unibertsitate inguruan. 40 autokarabanarentzako tokia dago, eta udan txiki geratzen da: “Jendeak inguruko ohiko aparkalekuetan uzten du, TAO ordainduta”. Erabiltzaileentzat ez ezik, guneak izatea udalentzat ere “erakargarria” dela iritzi dio Saizek: “Kanpotar askok ibilbidea egiten du kontuan izanda non dauden puntu horiek”.

Sorbeltz elkartea udalekin elkarlanean aritzen da, izan euren ustez beharrezkoak diren azpiegiturak proposatzeko, edo alderantziz, udalek eskatzen dizkieten aholkuei erantzuteko: “Arautegi zirriborro bat daukagu; guk udalei bidaltzen diegu, eta beraiek moldatzen dute beraien beharretara”. Eusko Jaurlaritzarekin ere harremanetan izan dira turismo legeak edo turismo kanpamentuen dekretu berriak daudenean: “Duela hiru urte dekretu berri bat egin zuten kanpamentu turismoen inguruan, eta hor sartu zituzten autokarabanentzako guneak, gune pribatuak”.

Duela hamar urte sortu zuten Sorbeltz elkartea. Internet bidez harremanetan jarri, eta 30 bat lagun batu ziren hasieran. Orduan ez zegoen orain dagoen autokarabana kopururik, eta gune gutxiago zeuden. Erakundeekin egiten duten lanketatik aparte, alde ludikoa ere badu elkarteak; urtean 8-9 aldiz biltzen dira, elkarrekin egon eta jendea ezagutzeko. Hamargarren urteurrena Oñatin ospatuko dute, azaroko azken asteburuan.

Iturria: http://gipuzkoa.hitza.eus/2016/11/11/erabiltzaileentzat-ez-ezik-udalentzat-ere-gune-erakargarriak-dira/

Autor entrada: aiako

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.